Urinary N-terminal titin fragment ascertained as biomarker in a small cohort of limb-girdle muscular dystrophy LGMDR1-calpain 3 related. J Neuromuscul Dis. 2025. doi: 10.1177/22143602251323629
Muskulu-zuntza hausten denean, miozuntzek proteinak askatzen dituzte odol-emarian, eta seinale gisa erabil daitezke; biomarkatzaile deritze, eta erraz hautematen dira jariakinetan, hala nola gazurean, plasman edo gernuan.
Muskulu-distrofiako saiakuntza kliniko batean eraginkortasun terapeutikoa ebaluatzea erronka bat da, gaixotasunak oso aldakorrak eta pixkanakako progresiboak baitira. Farmako berri baten efektuaren jarraipena egiteko, zehatz-mehatz kontrolatu behar da gaixotasunaren bilakaera, hobekuntza badagoen ala ez erakusten duten datu objektiboekin. Horregatik, biomarkatzaileak, gida edo seinale gisa erabiltzen diren biomolekulak izanik, funtsezkoak dira prozesu patologiko bat eta haren tratamendua hautemateko.
Aurretik egindako ikerketek argitaratu zutenez, biomarkatzaile batek, titina proteinaren N-terminal zatiak, Duchenne-ren muskulu-distrofia duten pertsonen eta pertsona osasuntsuen gernuko kontzentrazio-desberdintasunak erakusten zituen. Beraz, gure lanaren helburua titinaren N-terminal zatiak LGMDR1 muskulu-distrofiarako biomarkatzaile gisa balio zuen egiaztatzea izan zen. LGMDR1 gaitza zuten hamahiru pertsona eta hamaika kontrol aztertu zituzten azterketarako. LGMDR1 zuten pertsonek titinaren N-terminal zatiaren kontzentrazio nabarmen altuagoak zituzten gernuan adin bereko kontrolek baino.Adinarekin titina-maila kasu guztietan jaisten bazen ere, gurpil-aulkian zihoazen pertsonetan oraindik ere altu mantentzen zen. Beraz, gure aurkikuntzek adierazten dute titinaren N-terminal zatia LGMDR1eko kalte muskularraren neurri ez-inbaditzailea dela, eta gaixotasunaren jarraipenean eta saiakuntza klinikoetan erabil litekeela, baita gurpil-aulkian daudenetan ere.
Lan honek berresten du biofluidoetan biomarkatzaile eskuragarriak daudela, gaixotasunaren hainbat fasetan diskriminazio ona ahalbidetzen dutenak, eta gure ikerketa-proiektuetan gauzatuko diren puntako tekniken bidez beste biomarkatzaile batzuk bilatzen laguntzen dutenak, batez ere etorkizuneko saiakuntza klinikoen monitorizazioan erabiltzeko.
Valls 2025 Urinary N-ter Titin frag